Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana
Era ezberdinetako datu digitalen kudeaketak paradigma aldaketa ekarri du diziplina ezberdinetan, baina baita ere eragile sozial eta kulturaletan. Egun, gero eta aukera gehiago dago kudeatzeko jendartean sortzen diren datuak errealitateko esparru anitzetan (giza-jarduerak, klikak, testuak, irudiak eta soinuak, besteak beste) eta kantitate handiagoetan (big data), Konputazio Zientziei esker.
Horrek eta diziplinartekotasunak ikuspegi enpirizista ekarri du Humanitateetako eta baita Gizarte-zientzietako komunitate askotan. Gero eta garrantzia handiago du ikerketa egiteko erabili diren datuak elkarbanatzea, ikerketak erreproduzitzeko edo, baita ikerketa hobetzeko eta zergatik ez ikerketa zalantzan jartzeko.
Arlo honetan, hasierako galdera digitalizazioak eta Konputazio Zientziek zertan lagun dezaketen aztertzea izan zen, baina egun galdera horren mugak ikusi ondoren, Humanitate Digitaletan bestelakoak dira egiten den galdera: Zentzua al du digitalki orain arte egiten ibili garena egiteak? Zer da digitalki soilik egin daitekeena? Esparru digitalean sorturiko giza-interakzioak nolakoak dira? Nola eragiten du digitalizazioak ikerketan bertan?
Euskal Herrian eta euskaraz, ordea, Konputazio zientzietan eta Humanitateetan nahiz Gizarte-zientzietan ez da diziplinarteko elkarlan handirik egon. Azken urteetan ordea, euskarazko dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntz teknologien hedapenarekin arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da. Esparru bien artean eremu berriak ere ireki dira; eta historian, hezkuntzan, hizkuntzalaritzan, soziologian, kazetaritzan, zuzenbidean eta beste arlo askotan datuetan oinarritutako tresna eta ikerketa asko garatzen ari dira.
Gure ustez Humanitate digitalak edo eHumanitateak izena eman zaion eremu dakartzan aukerak baliatzeko garaian gaude eta Euskal Herrian aukera handiak ditugu lan interesgarriak aurrera eramateko. Lan hori bultzatzeko nazioartean Humanitate Digitalak sustatzeko elkarteak sortu dira. Euskal Herrian ez dago horrelakorik eta horregatik hain zuzen ere antolatu dugu jardunaldi hau: elkarte hori nola sor daitekeen hausnartzeko eta jakintza-arloen arteko elkarlana nola bultzatu daitekeen eztabaidatzeko.
Data:
2019/06/20
Tokia:
Bilbo
Partaide kopurua:
80
Arduradunak:
IƱaki Alegria
Mikel Iruskieta